XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orduan hurbildik ezagutu ahal izan zuen Agoteen kasua: nola arraza madarikatu bat zen, beste guztiotarik aparte bizi behar zuena, beti besteen menpean, beti zapaldua, etab.

Inpresio gogorra egin zion horrek, eta geroztik askotan Agote hoiek aipatzen zituen euskaldunen irudi bezala.

Euskal Herria eta euskaldunak, horra herri Agota, arraza madarikatua, zapaldua, menderatua, hiltzera kondenatua...

Ikusten duzuenez, beti gau beltzean bizi izandako gizona, beti minetan, ezin etsituz, bihotza odola dariola.

Bihotzik izan ez balu! Berak ere aitortzen zuen hori: bihotzari tiro bat eman eta aisago bizi dira hamaikatxo.

Baina berak ezin!.

Eta nola izaten diren kontuak! Salbatorek bazuen beste anaia bat, bera baino zaharragoa, fraidea, eta guztiz bestelakoa zena: guztiz jainkotiarra, saindu hutsa, zeharo eta osoki eta bete-betean erlijio gauzetara emana.

Hau ere oso gazterik hil zen Arantzazun (1947).

Baina ez dezagula hargatik pentsa Aita Salbatorek bat ere konplejorik zeukanik bere apaiz lanak egiteko.

Sermolari bezala batez ere oso iaioa zen, sermolari bortitza, erreztasun eta etorri handikoa, bai euskaraz eta bai erdaraz, eta taxuz betetzen zuen ere egitekoa.

Inoiz entzun nion norbaiti, han Suizan, bere apaiz jantziak jantzirik hitz egitera hasten zenean, gure Aita Salbatore hazi egiten zela, orduantxe zegoela bere zentruan.

Eta han Suizan, hemendik joandako langileen alde, haientzat lana bilatzen etab. gogotik arduratzen zen eta bere dohain hoiengatik oso estimatua zuten.

Pertsonaren aurrean, nahiz extremeño, andaluz edo nonahiko eta nolanahiko izan, beti makurtzen zen, eta prest egongo zen berari eskua luzatzeko.

Jaun-Andreak, honenbestez nik neure azalpena egin dut.

Alde batetik neuk ere badut kezka: azalpen hoiekin Salbatore toki txarrean jarriko ote dudan kezka.

Ez nuen gogo gehiegi gai hau erabiltzeko eta gauza hauek hemen guztion aurrean esateko.

Gaia jarri egin didate, ordea.

Dena dela, nik neure aldetik dakidana esan dut.

Orai mintza daitezela besteak.

Ia denon artean Salbatoreren pertsona hobeki ezagutzen, argitzen eta konprenitzen dugun.

Azken batean, Salbatore zen bezalakoa ezagutzeak harenganako eta haren obrenganako estimazioa ez gutitu, baina gehitu egingo duelakoan nago.

Hau da behintzat nere gogoa.

Donostia, Azaroak 14,1977. Fr.Luis Villasante, OFM.